Bihar, Obabakoak, Bernardo Atxagarena

portada1250

Bihar, hilak 16, hitzordua daukagu Zestoako irakurle taldeko kideok. Oraingoan, Obabakoak liburua izango dugu mintzagai, Bernardo Atxagarena.

1988an argitaratu zuen estreinako aldiz Atxagak liburu hau, eta esan daiteke mugarri bat ezarri zuela bere ibilbide literarioan eta orobat jotzen dela mugarritzat euskal literaturaren historian ere. Liburuak, izan ere, sariak jaso ditu –Euskadi saria, Espainiako Narratibaren saria, Millepages saria eta Trois Coronnes saria, esate baterako–, hogeitik gora hizkuntzara itzuli dute eta zine- eta teatro-egokitzapenak egin dituzte hartan oinarrituta. Liburu batek dakarren inpaktua bestelako modutan ere neur daiteke, eta euskal idazle batzuek aipatu izan dute Obabakoak irakurtzeak eragina izan zuela beren idazletzan.

Hogeita sei narraziok osatzen dute Obabakoak, eta, hortaz, nahiz eta ipuin-liburu bat izan hertsiki, Obaba herri fikzionatuko unibertsoak estu batzen ditu narrazio guztiak, halako marko orokor bat emanez.

Zer da, Obaba, ordea? Hau kontatu zion egileak berak Amalia Iglesiasi kazetariari:

“Nik askotan esaten dut pertsona baten jaiolekua entitate inmaterial eta metafisikoa dela pertsona horrentzat; espazio bat baino gehiago, bertan bizi izandako gertaera eta istorioez osatutako sare bat. Hemen izan nuen borroka halakoarekin, hor ikusi nuen neska bat bikiniz aurreneko aldiz, etabar. Iragan afektibo bat duen geografia horrek, nire kasuan Obaba izena du”.

Eta hau ere bai:

“Aldaketa handia gertatu da, eta sinesmen horiek [garai bateko euskal gizarteko sinesmenak] desagertu egin dira erabat. Eta beste horrenbeste esan daiteke beste istorio guziei buruz ere, benetako istorioei buruz ere, axolagabekeria kulturalaren ezaugarrietako bat memoriaren galtzea baita. Beharbada, horregatik erabaki nuen istorio horietako batzuk kontatzea, gure guraso edo aiton-amonen bizitzak beste edozeinenak hainbat balio zuela pentsatu bainuen eta beraz merezi zuela iraganetik erreskatatzeak.”

Obabakoak liburuari buruz hitz egiteko, errealismo magikoa aipatu dezakegu, fikzioa eta errealitatea nahasten dituen korronte literarioa. Eta orobat aipatu ditzakegu Mila gau eta bat gehiago, ipuinak gauz gau kateatzen dituen kontakizun, ahozkotasunetik hain hurbil dagoena.

Nola topatu duzue zuek Obabakoak, argitaratu eta 31 urte joan diren honetan? Bihar hitz egingo dugu horretaz eta beste hainbat kontuz, bien bitartean, hona hemen zenbait amu, berotzen joateko:

Liburuaren sorrerari buruzko hitzaldia EHUn, egilearen eskutik

Liburuari buruzko artikulua, Euskal Literaturaren Hiztegian (autorea: Lourdes Otaegi)

Liburuaren 25. urteurrenean Bilbo Zaharran antolatu zuten zikloaren webgunea

Miren Gaztañaga eta Iñake Irastortza aktoreak, Obabakoak antzezlanari buruz

Utzi iruzkina