Hilaren 18an, Han ez banengo bezala

han ez banengo bezala

Datorren asteazkenean, hilaren 18an, hitzordua dugu Zestoako irakurle-taldean. Slavenka Drakulic idazle kroaziarraren Han ez banengo bezala eleberriaz hitz egingo dugu. Amaia Apalauzak itzuli zuen liburu hori, eta Pasazaitek argitaratu.

Kontakizuna 1992. urtean kokatzen da, Bosniako gerraren garai latzean. Liburu gordina da. S. narratzaileak, Suediako erietxe batean erditu berri dagoela, ordura arte bizitakoak kontatzen ditu, eta Bosniako gerraren alderdi zehatz eta gogor bat erakusten digu hala: emakumeen aurkako indarkeria.

Emakumeek gerran bizi izandako esperientziak zituen aipagai, orobat, Gerrak ez du emakume aurpegirik kronika-liburuak, iaz irakurri genuenak. Kasu honetan, ordea, Drakulicek fikzioa baliatu du gerra hartan emakumeek nolako bizipenak izan zituzten azaltzeko.

Hala dio Ibon Egaña kritikariak:

Fikzioa izanagatik, lekuko baten sinesgarritasunaz kontatzen ditu Drakulic-ek gerrako eta esparruko gertaerak. Nobela gertatzen den espazioak usainen, zaraten edo ukimenaren bidez papereratzen ditu, S.ren gorputzetik beretik, eta beldurra ematen duen hurbiltasunetik bizi du hala irakurleak esparruko emakumeen egunerokoa. Hirugarren pertsonako narratzailearen jardunean S.ren gogoeta-printzak txertatzen ditu egileak, eta horrela sortzen da nobelaren ahotsa, ez diona biktimari ahotsa “kentzen”, ezta kondeszendentziaz “ematen” ere; harekin batera sortzen du hein batean hirugarren ahots bat. Era berean, leku eta pertsonaien inizialak soilik erabiliz, nobela alderik alde zeharkatzen duen isiltasunaren eta esan beharraren arteko tentsioa ikusarazten du idazleak: biolentzia espektakularizatzea saihesten duen aldi berean jartzen dizkio sufrimendu ezkutatuari hitzak.

Liburuari buruzko material interesgarri batzuk bildu ditut.

Lehenik, hemen duzue itzultzaileari Faktoria irratsaioan egin zioten elkarrizketa.

Bestetik, iaz Donostian izan zen egilea bera liburua aurkezten. Hemen daukazue aurkezpenaren ondoren Berrian egin zuten kronika.

Azkenik, hemen behean daukazue Drakulici egin zioten elkarrizketa bat, bideoan.

 

Utzi iruzkina